June Crespo Biennale Arte 2022n parte hartzera gonbidatu dute

June Crespo Biennale Arte 2022n parte hartzera gonbidatu dute

Apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo da eta Cecilia Alemanik komisariatu du.

Cresporen parte hartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da.

June Crespo (Iruñea, 1982) euskal artistak apirilaren 23tik azaroaren 27ra egingo den 59. Veneziako Bienalean (Biennale Arte 2022) hartuko du parte, antolakuntzaren gonbitea jaso eta gero. Arte garaikidean nazioarteko erreferente nagusi den erakusketa honetan 58 herrialdetako 213 artistak hartuko dute parte, eta 1400dik gora artelan egongo dira ikusgai.

Aurtengo erakusketa, pandemia dela eta urtebete atzeratu dena, ‘The milk of dreams’ lelopean egingo da, Leonora Carrington (1917-2011) idazle eta margolari surrealistaren liburu batetik hartutako izenburua. Bertan, Carringtonek mundu magiko bat deskribatzen du, zeinetan bizitza irudimenaren prismatik birplanteatzen duen.

Nola hari da aldatzen gizakiaren definizioa? Zerk osatzen du bizitza eta zerk ezberdintzen ditu landareak animalietatik, zerk gizakia, gizakia ez denetik? Zein dira planetarekiko, beste pertsonekiko, beste bizimoduekiko gure ardurak? Zein itxura izango luke bizitzak gu gabe? Cecilia Alemani erakusketako komisarioaren hitzetan hauek dira bienalaren edizio hau gidatuko duten galderak, eta hiru arlo tematikotan zentratzen da: gorputzaren errepresentazioa eta bere metamorfosiak, norbanakoen eta teknologiaren arteko harremanak, eta gorputzen eta Lurraren arteko konexioak.

Testuinguru horrekin kokatzen da era beran June Cresporen lana. Bere piezetan, gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskulturatik. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren aipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk. Eskulturak eta irudiak, beti prekarietate materialetik, komunikabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen direnak.

Beira-zuntza, erretxina, zeramika, eta brontzetik hasita, elementuak eta materialak moztu, zatikatu, handitu eta konbinatzen ditu, ikusle bakoitzari irakurketa ezberdina egiteko aukera eskaintzen dioten forma intuitibo berriak sortuz.

Eskultura batzuek elementu ezagungarriak dituzte, eta beste batzuk, berriz, erabat abstraktu eta amorfo bihurtzen dira. Bere lanak armadura bihurtzen dira, aldi berean eraikitako ingurune zein giza gorputza gogora ekarriz. Cresporen instalazioek etorkizuneko hiri-paisaia distopikoak eta izaki ziborg konposatu gisa dugun esperientzia garaikidea islatzen dute. Bere eskulturak ontzitzat ditu, baita “aurreko ontzi guztien erakusletzat” ere.

2021ean Artium Museoak bere ibilbidearen una ezberdinetako lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitakoak bildu zituen ‘June Crespo. Helmets’ erakusketan. Crespok hainbat sari jaso ditu, besteak beste, Mª José Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNE-ren Ojo Crítico Saria (2018), Botin Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013). Haren lanak Reina Sofia eta Artium museoetako bildumen parte dira, besteak beste.

 

ZABAL EGITASMOAREN LEHEN FRUITUAK

Veneziako Bienalean June Cresporen parte hartzea Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. Honen helburua da euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak egitea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere. Egitasmo honen bidez, Cecilia Alemani Veneziako Bienaleko komisarioak hainbat euskal sortzaileren lana gertutik ezagutzeko aukera izan zuen, eta horren ondotik dator June Crespok erakusketan parte hartzeko jasotako gonbitea.

2019. urtean jarri zuen martxan Etxepare Euskal Institutuak ZABAL egitasmoa, sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea helburu duena. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak Euskal Herrira, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko.

Proiektua aurrera eramateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen, Lourdes Fernández buru duen arte bulegoa, lankidetza du Institutuak.
2019ko azaroan etorri zen lehen gonbidatua: Ruth Estévez São Pauloko bienaleko komisarioa. 2020ko otsailean Ruangrupa kolektiboko kideak izan ziren, Documenta 15eko zuzendari artistikoak. Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Marina Otero, Shangaiko Bienaleko komisarioaren bisitarekin eman zitzaion iaz jarraipena egitasmoari.

Egitasmoak emandako lehen fruituen artean dago Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independentearen parte hartzea 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratuko den Documenta 15 nazioarteko eta June Cresporen lanak Venezian ikusgai egotea.

Informazio gehiago

June Crespo's Artwork at the Venice Biennale 2022. © Michele Agostinis
June Crespo's Artwork at the Venice Biennale 2022. © Michele Agostinis