Jorge Oteiza Museoaren Fundazioak, artistaren jaiotzaren urteurriarekin bat eginez, 2025eko urriaren 21ean aurkeztu du DANOK OTEIZA Fundazioaren lagunak, Jorge Oteizaren figura eta pentsamendua zein haren ondare sortzaile eta kulturala ardatz izango dituen komunitatea. Komunitate hau organismo bizidun gisa antolatzen da, Alzuako Museoak garatutako jarduna eta ekintzak osatuko dituena.
DANOK OTEIZAk artistak berak arteaz eta sorkuntzaz zuen ikuspegiari erantzuten dio: alegia, gizartea eta kolektibitatea eraldatzeko tresna boteretsua direla, eta aldi berean espiritu kritikoa sustatu eta iruditeri partekatua eraikitzen laguntzen dutela.
DANOK OTEIZAk Oteizaren sorkuntza, estetika eta kultura-idearioarekin bat egin eta harekin identifikatu nahi duten pertsona edo erakundeentzat erreferente izan nahi du, dinamika partekatu batean parte hartuz eta elkarreraginean arituz, bizitza eta kultura elkarrekin proiektatuz egungo gizarterantz. Komunitate ireki gisa sortu da eta bere presentzia Oteiza Museoaren jardueraren osagarria da eta denboran eta espazioan eboluzionatuko du, kideen ekarpen desberdinen arabera.
Aurkezpen-jardunaldia Alzuako Oteiza Museoan ospatu zen eta programa artistiko zabala izan zuen: Oskar Alegríaren Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoaren aurkezpena; ZUK Performing Arts taldearen Quousque Tandem Abutere pieza; Saioa Alkaiza eta Julio Soto bertsolarien emanaldia; Jara Calvok errezitaturiko Oteizaren poesia; Oier Etxeberria eta Garazi Navasen Eskua Askea kontzertua; eta Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregiren Apostoluen soka-dantza pieza, Argia Ikerfolk taldeak dantzatua.
Komunitatearen lehen proiektuen artean nabarmentzen dira: Oskar Alegriaren Oteiza 14 apostolu ikus-entzunezkoaren ekoizpena, Asisko Urmeneta sortzen ari den Jorge Oteizari buruzko nobela grafikoa (garapen fasean, eta 2026an argitaratzeko asmoarekin), eta CARDIVAren lankidetzari esker berrargitaratutako Oteiza Museoaren Gida berria.
Jorge Oteiza Museoaren Fundazioak Artingenium Art Officeren laguntza eta babesa izan du proiektu hau abian jartzeko, artearekin, gogoetarekin eta Oteizaren ondare sortzailea zabaltzearekin partekatutako konpromisoa berresten duela.
Komunitate honen parte izateko, lagunen hainbat kategoria sortu dira, Oteizaren artean funtsezkoak diren iruditeria estetikoaren kontzeptuetan oinarritutako izenekin:
Informazio gehiago eta izen-emateak: www.museooteiza.org/danok