Pollution Pods Barakaldora iritsi da

BBK-k Barakaldora eraman du Pollution Pods, poluzio atmosferikoaren eragina esperimentzatzeko aukera ematen duen instalazioa

Barakaldok ekainaren 13tik aurrera hartuko du Pollution Pods, Michael Pinsky artista britainiarraren arte-instalazio ikusgarria, bisitariei atmosferaren kutsadurak gizakiongan dituen ondorioak zuzenean bizitzeko aukera ematen diena.
Ekimen hau BBK-k Banku Fundazioaren 10. urteurrena dela-eta sustatzen duen ekintzetako bat da, ingurumen-jasangarritasunarekin eta klima- aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromiso irmoaren barruan.

Interkonektatutako bost kupula geodesikoz osatutako obrak munduko hainbat hiritako aire-kalitatea birsortzen du —Tautra, Londres, New Delhi, São Paulo eta Beijing—, tenperaturaren, hezetasunaren, usainen eta ozono, nitrogeno-dioxido, sufre-dioxido eta karbono-monoxido mailen aldaketen bidez. Ibilbidea ingurune garbi eta fresko batean hasten da, Tautran (Norvegia), eta gero eremu kutsatuagoetara egiten du aurrera.

Obra hau nazioarteko ikerketa-lan baten emaitza da, zehazki, Climart-ena. Lau urteko proiektu honek arteak krisi klimatikoaren pertzepzioan eta gizarte-ekintzan nola eragin dezakeen aztertu du. Proiektuak ingurumen-arazoak eta horiek gure eguneroko bizitzan duten eragina sakonago ulertzea sustatu nahi du artearen bidez.

Europako hainbat hiritatik igaro ondoren, Pollution Pods Barakaldora iritsi da. Instalazioa Herriko Plazan bisitatu ahal izango da ekainaren 14tik 22ra. Ondoren, BBK Klimara joango da, Urdaibaira, eta bertan BBK Klima abenturaren eskaintzan sartuko da uztailaren 3tik abuztuaren 31ra.

BBKren ustez, ekimen hau herritarrak ingurumen-erronketara hurbiltzeko modu berritzaile bat da, Nora Sarasolak ekimenaren aurkezpenean adierazi duen legez, “Bizkaiko eta gure planetako ingurumen- jasangarritasunaren alde egiten dugun apustua irmoa delako. Eta gaur egun babesteko hartzen ditugun ekintzen araberakoa izango da etorkizuna”. “Fundazio moduan hamargarren urteurrena ospatzen ari garen urte honetan, gure Lurraldearen garapen jasangarria bultzatzen jarraitu gura dugu, bizkaitarrengan eragina izango duten ekimenekin, adibidez, kontzientziak astintzen dituen eta planetarekin dugun harremana birpentsatzera behartzen gaituen esperientzia honekin”, amaitu du.

Proiektuak Artingenium-en lankidetza izan du. Artistaren taldearekin, BBKrekin eta tokiko erakundeekin elkarlanean, Artingenium-ek instalazioaren produkzio osoa eta kudeaketa integrala hartu ditu bere gain.

©Jontxu Fernández
©Jontxu Fernández
©Jontxu Fernández
©Jontxu Fernández