Bere 10.urteurrena ospatzeko, BBK Banku Fundazioak programazio berezia garatu du 2025ean, eta horren barruan, Artingenium hautatu du kolaboratzaile estrategiko gisa, artea, teknologia eta ingurumen- kontzientzia uztartzen dituzten bi instalazio artisikoren ekoizpenerako eta kudeaketarako: Pollution Pods (Michael Pinsky) eta Waterlicht (Daan Roosegaarde).
Nazioarteko hainbat hiriburutan izan ondoren, bi proiektuak BBK Fundazioaren eskutik iritsi dira Bizkaira. Horrela, BBK-k ingurumen-jasangarritasunarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa indartu du, Nora Sarasola BBKko Gizarte Ekintzako
zuzendariak azpimarratu duen bezala:
“Fundazio moduan hamargarren urteurrena ospatzen ari garen urte honetan, gure Lurraldearen garapen jasangarria bultzatzen jarraitu gura dugu, bizkaitarrengan eragina izango duten ekimenekin, adibidez, kontzientziak astintzen dituen eta planetarekin dugun harremana birpentsatzera behartzen gaituen esperientzia honekin”.
Michael Pinskyren obra hau elkarri lotutako bost kupula geodesikoz osatuta dago, munduko hainbat hiritako airearen kalitatea birsortzen dutenak. Ibilbidea Tautran (Norvegia) bezalako ingurune garbi batean hasten da, eta gero Londres, Nueva Delhi, Beijing edo Sao Pauloko eremu kutsatuagoetara joaten da. Instalazio hau Climart ikerketa-proiektuaren parte da, eta ingurumen-arazoen eta haiek gure eguneroko bizitzan duten eraginaren ulermen sakonagoa sustu nahi du artearen bidez.
Tenperaturaren, hezetasunaren, usainen eta ozono, nitrogeno-dioxido, sufre-dioxido eta karbono-monoxido mailen aldaketen bidez, bisitariak atmosferaren kutsadura bere gorputzean senti dezake.
Pollution Pods Barakaldoko Herriko Plazan ikusgai egon da ekainaren 14tik 22ra eta Klima Urdaibain uztailaren 3tik abuztuaren 31ra.
Daan Roosegaarde-ren Waterlicht instalazioak zerua argi urdinezko itsaso bihurtzen du, uraren poesia eta boterea uztartuz. LED argiak, lente optikoak eta programazio-sistema aurreratu bat erabilita, obrak uholde birtuala sortzen du, klima-aldaketaren aurrean neurriak hartzen ez badira uraren maila zenbat igo litekeen iradokituz.
Waterlichtek haizeak eta euriak eragindako eremu likido aldakor bihurtzen du zerua. Argi urdineo aterpe horren azpian, publikoa esperientzia kolektibo batean murgiltzen da, uraren arloko berrikuntzak eta klima-aldaketaren inpaktuak duten garrantzia gogorarazten diguna.
Waterlicht Bilboko Itsasmuseum-aren kanpoaldean izan da ikusgai irailaren 18, 19 eta 20an.